Betlemeko Jesus Haurrari beha nagolarik, Mariaren besoetan eta Josepen so amultsuaren pean, gogora heldu zait Bildotsaren goxotasuna, Molères jaun apezpikuak bere armarrian eta leman zuen Bildotsarena. Baiona, Lezkar eta Olorongo apezpiku kargua utzirik bizitze aldi berri bat hasi duen huntan, nahi diot Eguberri saindu eta alai bat desiratu.
Betlemeko Jesus Haurrari beha nagolarik, gogora heldu zait Benedikto hamaseigarrena, gure aita saindua. Santa Katalina Sienekoak bere garaiko aita saindua deitzen zuen “lur huntako Kristo samurra”. Ez ote dute holakoa dela ikusi Frantziako Kristauek berriki gutartera egin duen bisitan. Bai samurtasun hori erakutsi diote bildutasunean eta kartsutasunean Parisen eta Lurden harenganat etorri diren jende osteeri, hor agertu baita ere Frantzian den Jainkoaren Populuaren bihotza.
Betlemeko Jesus Haurrari, “haragi egin den Hitzari” beha nagolarik, gogora heldu zait Jainkoaren Semea gizon egin dela herri batean, historia batean, kultura batean : betikotz Nazaretarra izanen da, eta bere gain hartuko du bere judu izaitea. “Salbamendua Juduenganik heldu da”, dio erranen zamariar emazteari. Bainan kultura hortan sartzeak ez dio trabarik eginen gizaki guzien salbatzeko zuen xedeari. Baiona, Lezkar eta Olorongo apezpiku bainaiz, ikusten dut ohidura eta kultura sendo batzuen partalier izan behar dutala, horietan baitira mendeetan gaindi transmititu giza bizi eraikitzaile diren baloreak, eta lehenik kristau fedea, hain erro azkarrak egin dituena Euskal Herri, Biarno eta Gaskoiniako lur huntan. Bainan ahantzi gabe mundu guziari zabalik egon behar dela, hortan baita Kristau Misterioaren berezitasuna. Zentzuz elkarri lotu dira departamendu huntako gizon-emazteen historia moldatu duten kultura bereziak, eta Elizak mundu osoaren aldera duen eginbidea. Horren froga emaiten daukute urruneko herrialdeetan lanean ari diren gure diosesako hoinbeste misionestek..
Betlemeko Jesus Haurrari “xatarrez troxatua eta otalakoen etzanari" so nagolarik, gogora heldu zaizkit oraiko gizadiak jasaiten dituen ahulezia eta prekaritate guziak : aberats eta pobreen arteko distantziaren emendatzea ; hoinbeste jende eta bereziki haurrak jotzen dituzten goseteak, ez jatekoa eskasdelakotz, gaizki banatua baizik ; finantza krisia, pobreenek senditzen baitituzte haren ondorioak ; haurreri egin gaizkiak, gizagaldu batzuek zikinduak direlarik edo gerlen biktimak Ekialde hurbilean, Afrikan edo Asian ; kontzientzien azpigarapen bat herri aberatsetan, jendeen arteko harremanen pobrezia sortzen duena, bai eta halako ezontsa bat ekonomia aldetik hain ontsa gaudelarik ...
Betlemeko Jesus Haurrari beha nagolarik, gogora heldu zait “haur hobengabeen hilketa" eta senditzen dut nere eginbidea dela ttipienen artean ttipienak defendatzea eta gerizatzea, bereziki sortzeko dretxoa ukatzen zaioten haurrak eta giza enbrioiak asko moldetara erabiliak : denak enbrioiak izanak gira, eta Jesus ere bai ! Betlemeko Jesus Haurrari beha nagolarik, gogora heldu zait Haren baitan Jainkoak bat egin duela gizaki guziekin, sorkuntzatik bere heriotze naturalaraino, horrela erakusten ziolarik gizakiari nor den eta nolako duintasunaren jabe den ...
Betlemeko otalakoari beha nagolarik oihu handi bat jalitzen da nere bihotzetik, otoitzerako eta solidaritaterako dei sutsu bat bezala.
Horrek argi eta garbi erraiten du mende berri huntako gizakiak , zientziak eta teknikak berriki oraino emaiten ziozkaten lillura guzien gatik, zenbat baduen Salbatzailearen beharra !
Beraz, Betlemeko Jesus Haurrari beha nagolarik, aingeruak entzuten ditut Judeako gauean kantatzen : “Salbatzaile bat gaur sortu zaizue !” Eta nik ere, Eliza guziarekin batean, Eguberriko gau eta egun saindu huntan berri on hori aldarrikatu nahi dut, eta bozkario handi bat iragarri nazione guzientzat : Jainkoa mundurat etorri da ez mundu hobe baten egitera, bainan mundu berri bat ; mundurat etorri da, ez sofrikarioaren ezeztatzera, ez eta ere esplikatzera, bainan bere presentzia goxoaz eta kontsolagarriaz betetzera. Gogo oneko gizaki bakotxak, haren Hitza onartuz eta hura kausituz Elizaren sakramenduetan ukaiten ahalko du sendatzea haren baitan.
Egungo gizadia inarrosten duten bortizkerien erdian, Jesus Haurraren goxotasunari beha nago, Mariaren irriñoa bilatzen dut eta goraki erraiten :
“Dohatsu eztiak, lurraren jabe izanen baitira !”
Eguberri saindu eta alaia !
+ Marc Aillet,
Baiona, Lezkar eta Olorongo apezpikua.
Ezpeletako otalakoa. |