Komunikabideek sobera aipatu dituzten gertakari batzuek gure Eliza inarrosi dute azken aste hautan : jendeak ez du konprenitu Aita sainduaren baketze keinua San Pio X deitu elkartearen buruzagien aldera, hor zirelarik Williamsonen solas ezin onartuak ; hasarrea piztu dute Bresilgo Recife hiritik etorri diren berriek , horiek ere ez behar bezala ekarriak ; zer oihuak, eta frantses politika gizon zenbaiten artean ere, Aita sainduak sidaren kontrako guduaz erran dituen solasengatik, hauk ere ez beren osoan ekarriak. Katoliko ainitz , informazio partzial horrek enganaturik, Elizaren alderako konfiantzan kordokaturik gelditu dira.
Haatik, Elizaren « krisi » horren gatik, ez ginuke ahantzi behar finantzia-krisia, gure mundua jotzen duena, pobreenek baidituzte horren ekonomiko ondorioak gehienik jasaiten.
Ez dakigularik xuxen nora goazin, nahiz G 20-eko bilkurak seinale baikorrak eman dituen, aise asma daiteke lan galdeak azkarki emendatuko direla ondoko hilabetetan ; hori, bereziki miseriatik jalgitzen ari diren herrialdeetan, horien azken bost urte hautako garapenak asko laguntzen zuelarik mundu guziko ekonomia . Erran gabe doa gogoan ditudala egun hautan gure departamenduko industria zenbaiten hesteak jotzen dituen familiak, bereziki Lacq eskualdean Celanese-koak : ukan dezatela gureganik sustengu eta laguntza, eta politikariek eta gizarteko arduradunek artarekin entzun ditzatela heien galdeak eta asma birmoldatze-bideak.
Inarrosaldi horiek erakusten daukute barnagoko “bizi-krisi” bat badela gure garaikideen baitan, norabide eta erreferentzia-puntu bila baitabiltza . Hargatik serioski bilatu behar dugu, zerk ekartzen duen “ez ontsa” hori, hoinbeste gizon eta emazteen bihotzetan ,
hortik sortzen baitira, bereziki gazteen baitan, ikara eta herstura jokaerak geroari buruz : histura, suizidio, bortizkeria, agresibitate , amodio-harreman axolagabeak, droga eta alkohol.... G20 bilkura aitzin, Gordon Brown Jaunari igorri dion letra batean, Aita sainduak erraiten zion zein den bere esperantza, elkarrekin krisiatik ateratzeko, nazione bakotxak bere egoismoari uko eginik : “ Finantzia-krisiak agertzen dira – bereziki jokaera etikoen ahultzearen gatik – arlo ekonomikoan ari diren langileek konfiantza galtzen dutelarik haren funtzionamenduko moldeetan eta finantziaren moldeetan. (...) Bainan egiazko oinarri sendo bakarra gizakiaren baitako konfiantza da .” Martxoaren hamarrean Eliza katoliko guziko apezpikueri igorri letra batean Aita sainduak erraiten zuen ere : “ Gure historiako garai huntan, egiazko arazo edo problema huntan da : Jainkoak iduri duela gizakien bixtatik itzaltzen ari , eta Jainkoaren ganikako argia desagertzen denean, gizadia norabiderikgabe gelditzen dela, eta gero ta gehiago haren baitan agertzen direla ondorio suntsitzaileak.”
Beraz, dei egiten diotet Elizaren haurreri, gaindi ditzaten beren adituezinak, beren ikara eta beldurrak, beldurrik gabe beren gain har ditzaten beren erantzukizunak Eliza eta gizadia jotzen dituzten krisieri buruz , “ eztabaiden bortizkeriak beren burua eginbide hortarik baztertzera utzi gabe ”, Pariseko kardinaleak zion bezala, Frantziako apezpikuen izenean, egun hautan Lurden zuten bilkuran. Beren giza haurrideen zorion eta esperantza, ezinbertze eta hersturetan partalier, nahiko dute munduari erakutsi Elizaren egiazko aurpegia : urrikalmenduarena eta egiarena, beti gehiago mundua maitasun eta norabide gose baita. Erakaspen hori eman du Aita sainduak Afrikan egin duen bidaiak : mendebaldeko komunikabideek boikotatu dute, bainan Afrikan haren mezua kartsuki hartu du jendeak, eta Esperantza biziberritu du hoinbeste larrialdi eta pobrezia jasaiten duten herrialdeetan. Esperantzaren lurraldea eman dio izena Aita sainduak, lurralde hori hain da indarrez eta esperantzaz aberatsa.
Frantziako apezpikuek Aita sainduari berriz ere erran diote beren maitasuna eta hutsik gabeko sustengua. Harekin bat gaudela gu ere, deituak gira zein den gure oraiko eginbide lehena ikustera : “ erakustea Jainkoa munduan dagola, gizadiari erakustea Jainkoaren ganako bidea (...) ; bururaino doan maitasunean ezagutzen baitugu Jainko horren aurpegia, gurutzefikatua eta piztua den Jesu Kristoren baitan.”
Elizak Jesusen pasionea, heriotzea eta piztea ospatzen dituen egun hautan, girixtinoak deituak dira bazko-bidearen hartzera . Kristo bera garaiko jendeak ez zuen onartu , bainan arbuiatu eta zuzentasunaren gatik pertsekutatu : haren ondotik goazilarik, ez dugu harritu behar munduak ez bagaitu onartzen ; bainan beti gehiago bat egiten dugularik gehienik pairatzen dutenekin,
Berri On bakarra aldarrikatzen dugu, gaurko munduarentzat egiazko esperantza iturri dena : Hila zena piztu da eta bizirik dago menderen mendetan. (Ap.1,18)
Bazko besta on eta saindu !
+ Marc Aillet
Baiona, Lezkar eta Olorongo Apezpikua.
Jaun Apezpikuaren mezua entzuteko :
Bazko mezua 2009 mp3 |